Ondare onomastikoa izateaz gain, Izarbe eta Mañeru ibarretako euskal izengoitiak euskaraz gozatzeko sormen iturri aparta dira. Izan ere, euskarazko erregistro informalen eskasia edo gabezia ez da gaitz arina egungo euskararen komunitatearendako.
Lagunarteko euskaraz erosotasunez eta modu adierazkorrean aritzeko, baliabide lexikoak eta linguistikoak eskaintzen ditu lan honek, guztiak euskal senetik jasoak. Dudarik gabe, sortze bidea anitzez gozoago izanen da umorea bidelagun hartuta.
-----------------------------------------------------------------------------
Liburu honetan lexema soila baino osagai gehiago duten lexiko mailako zenbait burutzerekin (lokuzio, esamolde edo esapide eta aditz perifrasiak) eginen duzu topo. Hiztegietan sarrera nagusi edo azpisarrera moduan, normalean, agertzen ez direnak dituzu eta, horiek guztiak, bederatziehundik gora (bederatziehun eta hamasei okertu ez bagara), Nafarroako euskal hizkeren eremuetako hiztunek aspaldian baliatu izan dituztenak eta egun oraindik ere horietako zenbaitzuek baliatzen dituztenak dira.
Hiztunek, noizbait, inguru semantiko zehatz batean sortu zituzten hitz soila bera baino gehiago diren hauek eta, ondoren, haien erabilera sendotu zuten egunerokotasunean. Eguneroko elkarrizketetako gatza eta piperra izan dira eta dira gaur egun ere, euskara komunikazio hizkuntza dutenen artean Sakanan, Zaraitzun, Luzaiden, Artzibarren, Erroibarren, Esteribarren, Ultzaman, Basaburuan, Imotzen, Leitzaldean, Larraunen, Bortzirietan, Sunbillan, Malerrekan, Bertizaranan, Aezkoan, Baztanen, Zugarramurdin, Urdazubin eta Erronkaribarren gehienbat, baina baita hauen aldameneko eskualde batzuetan ere.